PAUSOKA, INKLUSIOAREN BIDEAN
Azken astean Pausoka Elkarteko Maitederren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Pausoka Elkartea zenbait gurasok sortu zuten 2012an , beste zenbait hezkuntza zentro espezifikok haien seme-alabak zituzten beharrei behar bezala erantzuten ez zietelako. Pausokako kideen ekintzekin, haien seme-alaben integrazioa eta eskubideak lortu nahi dituzte, edozein dela ere arloa (lana, ikastola…). Hernanin eta Urnietan bi zentro dituzte eta 100 bat haurrek hartzen dute parte, bertan behar duten errehabilitazioa ematen diete.
Pausokako kideen lana burutzeko, ezinbestekoa da edonoren laguntza jasotzea, elkarlanean aritzea, alegia. Hauentzat, gurasoak eta haurra unitate bakarra dira eta horregatik elkarlanean lan egiten dute.
Hasiera:
Maitederrek haurdunaldian zehar zituen espektatibetaz aritu zen hasieran eta berak egun zuen egoera azaltzen amaitu zuen. Beste gainontzeko gurasoek bezala, haurra ondo jaiotzea nahi zuen eta bere buruan etorkizun bat irudikatua zuen. Hau guztia aldatu egin zen bere haurrak garun paralisia zuela esan ziotenean.
Berak, beste emakume gehienak bezala, 9 hilabeteetako haurdunaldi eta erditze egokia izan zituen, hau da, ez zen bestelako arazorik egon. Maitederren semea, Aimar, jaio eta egun batzuetara hasi ziren zailtasunak agertzen, izan ere konbultsioak izaten hasi baitzen. Momentu larriak izan ziren eta denbora batez ospitaleratu egin behar izan zuten. Denboraldi luzearen ondoren, haurrak menpekotasuna izango zuela esan zioten. Orduan, Maiteder gaiaren inguruan informatzen hasi zen osasun zentro batean, eta ohartu zen informaziorik ez zegoela, izan ere, menpekotasun hori Alzhemeirrarekin bakarrik lotzen baitzuten. Bakarrik eta galduta sentitzen zen egoeraren aurrean. Azkenean, bere haurrari garun paralisia zuela esan zioten eta Aspacen sartzea erabaki zuen, berak lanean hasi behar baitzuen.
Eskolaratze prozesua:
Urteak aurrera zihoazen eta Aspacek ez zituela bere semearen beharrak asetzen ikusten zuten. Haur guztiek behar zuten heldu baten laguntza, baina ez zen haurren arteko interakziorik ematen, gainera herrian ere ez ziren integratzen, dena herritik kanpo egiten baitzuten. Egoera hori ikusita Aimar, Maitederren semea, Hernaniko eskola publiko batean matrikulatzea erabaki zuten, prozesu erreza izango zela pentsatuz. Hernanin 3 eskola publiko eta pribatu bat daude eta haietan ateak jotzea pentsatu zuten, haurra bertan matrikulatu ahal izateko.
Lehenengo eskola publikoan, zuzendariak behar ziren baliabideak ez zituztela esan zion, orduan Maitederrek bere kontu uzteko esan zion eta berak lortuko zituela beharrezkoak ziren baliabide guztiak. Baliabideak lortu zituela esateko eskolara deitu zuenean, zuzendariak haurra onartuko ez zutela esan zion “horrela ez dira gauzak egiten” esanez. Erantzun hori ikusita, beste eskola batera joan zen ate joka, etsi gabe. Bertan, ratioz gainezka zeudela esan zioten, eta inon onartzen ez bazuten haurra beraiek onartuko zutela. Azkeneko eskola publikora joan ziren, oso goibel iritsi ziren, baina esperantza puntu batekin. Beharrezko baliabideak izatea, eskolak eskertu egin zuen, eta haurra bertan matrikulatua izan zen. Eskolaratze prozesua gogorra izan zen bere haurrari eskubideak kendu eta baztertzen ari zirela sentitzen zutelako, baina azken eskola hark onartzeak asko poztu zuten beren haurra opari bat bezala hartu baitzuten.
Haurrak eskolan denboraldi bat zeramanean, irakasleak Aimar gurasoei aurkeztu zien. Haurra modu askotara aurkeztu daiteke; batetik, ikuspegi patologikotik edota bere ezaugarriak abiapuntu hartuta. Kasu honetan, irakasleak haurra ez zuen itxura hutsez ikus daitekeenetik aurkeztu, baizik eta bere ezaugarri positiboei garrantzia emanez; haurraren afizioak, ikaskideekin zuen harremana,... Beraren ikaskideek ahal duten guztia egiten dute beraien irudimenarekin Aimarrek ere ekintzetan parte har dezan. Azken finean, behar bereziak dituzten haurrengatik ikasteko aukera handia daukagu, haiek besteengatik ikasten duten bezala.
Zuzendaritza zein irakasle taldeak Aimarri eskolan sartzeko aukera eman zietenean berarentzat gauza gehiago lortzea zuten helburu, baina egun konturatzen ari dira Aimarrek besteei ere gauza asko eskaintzen dizkietela.
Haurra soilik goizez joaten da eskolara, gero arratsaldean errehabilitazioa edukitzen baitu, eta bestelako denboran parkera joaten da bere lagunekin. Guzti honen atzean, Aimarren inklusioa lortu dela ikusten da.
Inklusioa eman ahal izateko baliabideak beharrezkoak izango dira eta zenbait kasutan curriculum egokitzapenak egitea ere beharrezkoa izango da. Maitederren haurraren kasuan, ordutegia egokitzen zioten adibidez. Haurrak beraiek ere prestatu egin behar izaten dira fase horretarako.
Baina, nahikoa al da inklusioa gelan soilik lantzea? Inklusioa bere osotasunean eman dadin ingurunea bera heztea ere beharrezkoa izango da, izan ere, zertarako balio du eskolak inklusioa bermatzeko egokitua egotea, gizartean ez bada halakorik gertatzen?
Eskolaz kanpo ere haurrek beren bizitza egiten dute, eta horrelako zenbait egoeratan haurrak baztertuak sentitzeko aukera dute. Esaterako, gelakide baten urtebetetze festara joan eta adimen funtzionala duen haur batek bertara sartzeko aukerarik ez badu, ingurunea bera egokitua ez dagoelako. Edota gainontzeko haurrek bezala parkera joan nahi dutenean, baina gehienak egokituak ez daudenean. Kasu horietan ez da inklusiorik lantzen, nahiz eta gelan haurra onartua egon.
Baliabideak:
Arestian aipatu bezala, Maiteder lanean hasi zenean bere haurra Aspace-n sartu zuela aipatu zuen. Bertan eskaintzen zizkioten baliabideak ikusita haurra eskolaratzea erabaki zuen. Eskolan bertan, baliabideak izatea beharrezkoa da adimen funtzionala duten haurren beharrak erantzun ahal izateko. Ez dugu ahaztu behar beharrak erantzuteko irakaslearen banakako lana ahaztu eta talde-lan koordinatu eta kooperatiboa bultzatu behar dela. Espezialista horietako batzuk, eskolan egunerokotasunaren parte izaten dira, eta beste batzuk, berriz, zenbait egun finkatutan agertzen dira eskolara. Jarraian hauetako batzuk aipatuko ditugu:
- Pedagogo Terapeutikoa (PT): Hezkuntza-Premia Bereziak dituzten ikasleei laguntza eskaintzen dien eta ikastetxearen antolakuntzan parte hartzen duen irakasle taldearen Hezkuntza Bereziko aditua.
- Hezkuntza Laguntzarako Espezialista: Hezkuntza-premia Bereziak dituzten ikasleen beharrak gela arruntean asetzen dituen hezitzailea.
- Aholkularia/kontsultorea (Psikologia edota Pedagogia) (Eskola Publikoak): Irakasleei zein tutoreei Hezkuntza Bereziaren arloan laguntza eta orientabidea ematen dien espezialista.
- Berritzeguneek, diagnostiko psikopedagogikoa egiten dute, premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko proposamena egiten dute eta ikasle horien aurrerapenak kontrolatzen dituzte.
- Talde multiprofesionalak: Diagnostiko psikologikoa eta Hezkuntza-premia Bereziak dituzten ikasleen jarraipena eta ikasle hauen laguntzaileak zein hezitzaileen orientabideaz arduratzen diren laguntza zerbitzuen espezialistak
- Foru aldundiko gizarte ongizate saila: Umea txikia denean diagnostikoa baieztatu eta gero estimulazio goiztiarraren finantziazioaz arduratzen da. Behar diren laguntza ekonomikoak aztertu eta ematen ditu.
- Ebaluazio psikopedagogikoa: Ikaskuntza-ikaskuntza prozesuan parte hartzen duten elementuen azterketa prozesua, ikasleen garapen pertsonal edota akademiko desegokiak eta Hezkuntza Premia Bereziak identifikatzeko helburuarekin.
- Curriculumaren Norbanakoaren Egokitzapena (CNE): Ikasle batek eskolatzean izan ditzakeen hezkuntza-premia bereziei erantzuteko curriculumaren elementuetan egiten diren moldaketak.
- Curriculumaren Sarbiderako Egokitzapena (CSE): Hezkuntza-premia bereziren bat duen ikaslearen hezkuntza sistema errazteko ezinbestekoak diren laguntzak kontuan hartzen dituen egokitzapen mota.
- Laguntza gela (LG): Gela ohikoetako baliabideekin bakarrik erantzun ezin dituzten umeen gelak, non ikasleak banaka zein taldeka egon daitezke. Bertan, ume bakoitzari behar duen arreta eskaintzen zaio eta bertako irakasleak Hezkuntza Bereziko espezialistak (PTak) dira.
Gure ondorioak:
Amaitzeko hitzaldia entzun ondoren zenbat ondorio atera ditugu. Esaterako, beharrezkoa iruditzen zaigu irakasleak haurra ezagutzea, bai eta bere familia eta haren garapena ere. Horrela, haurraren zailtasunak detektatzeko gai izango dira eta esku-hartzea errazagoa eta goiztiarragoa izango baita. Gainera, irakasleak haur hauekin nola lan egin behar duten jakitea ezinbesteko iruditzen zaigu egoeraren bat zuertatzen bazaie ikasgelan eda ikastolan bertan. Izan ere, adimen funtzionala duten haur hauek ere, besteak bezalaxe eskoletan bere lekua izan behar baitute.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina