HAUSNARKETA PERTSONALA




Lauhileko honetan zehar hitzaldi ezberdinak entzuteko aukera izan dugu. Aniztasuna izan da protagonista eta kontzeptu honen baitan hausnartzeko aukera ezberdinak sortu zaizkigu. Baina, lehenik eta behin kontzeptua definitu beharra genuen, izan ere, ZER DA ANIZTASUNA?
Nahiz eta askotan aho artean erabilitako hitza izan, definitzeko garaian zaila zela ohartu ginen. Horregatik, kontzeptuarekin erlazionatzen genituen hitzak idazteari ekin genion. Bertan, aberastasuna, desberdintasunaren baitan berdintasuna, errespetua, tolerantzia, askatasuna, indibidualtasuna, inklusioa,... bezalako terminoak etortzen zitzaizkigun burura. Aniztasuna hitzak definizio ezberdinak izan ditzakeela iruditzen zait, izan ere, modu desberdinetan ulertu izan baitaiteke. Hala ere, desberdina hitzarekin erlazionatuko nuke, desberdintasunaren barnean berdinak izanik.

Terminoa landu ostean, tailerrei ekin genien. Tabakalerako tailerrarekin eman genion hasiera, non bertan artea zen protagonista. Aniztasuna plasmatzen zigun erakusketak, eta gehienbat aniztasun hori zabaltzeko modua, hau da, haurrei aniztasuna azaltzeko bidea erakusten zigula esango nuke. Arrotzaren kontzeptua landu genuen, eta bertan pertsona batek taldetik at sentitzen denean senti dezakeena sentitu zuen bakoitzak. Jarduera interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, modu horretan ‘’ezberdina’’ senti daitekeen pertsona batek uneoro senti dezakeena ikusteko aukera eman zigulako.

Bestalde, lauhilekoan zehar jarduera ezberdinak egiteko aukera izan dugu. Horietako bat, norbere izatearen eta estereotipoen ingurukoa izan zen. Estereotipoei dagokienean, argia da gure gizartean finkatuak daudela, hau da, neska zein mutilen gorputz eta janzteko erak, besteak beste. Horien inguruan hausnartzeko aukera izan genuen, eta aldizkarietako zenbait azal izan genituen adibidetzat. Bertan, neska zein mutilak gorputz ederrekin agertzen ziren, eta honek gure gizartea aldarrikatzen duela iruditzen zait, izan ere, guztiak hauen berdinak izatera bultzatzen baitgaitu, baina hau al da aniztasuna? Norberak bere, gorputz, izate, izaera edota estiloak ditu, eta onartuak zein errespetatuak izan behar dira.

Calcuta Ondokoak ere etorri zitzaizkigun. Tailer ezberdina izan zen, izan ere, dinamikoa izan baitzen. Hausnartzeko gai ugari sortu ziren tailerrean zehar, egunerokotasuneko gaiak izan arren, hausnartzeko tartea eskaintzen ez diegun horietakoak. Hasiera batean, elkar ezagutzeko talde txikitan jarduera ezberdinak egin genituen, non, nire taldearen kasuan, egoera ezberdinak jarri zizkiguten bakoitzak bere iritzia emateko. Bertan, egoera ezberdinen aurrean iritzi eta jokabide ezberdinak zeudela ikusi nuen eta baita gure artean zegoen aniztasunaz ere ohartu nintzen. Aurrerago, talde txikiagotan, egoera ezberdinak planteatu zizkiguten. Nire taldean, estralurtar bati emakumea/gizona zer zen azaldu behar genion. Galdera zaila zen, izan ere definitzerako garaian oso subjektiboa baita. Orduan, tailerreko gidatzaileak galdera beste bide batetik formulatu zigun. Eta gizarteak ze pertsona prototipo du finkatua? Erantzun horren aurrean adostasun batera iritsi ginen, izan ere, argi baitago gizartean gizonezkoa dela egokien ikusia dagoena eta esaterako kargu altuko postuetan beraiek dira goi mailan kokatzen direnak. Horrekin erlazionatu genuen BBVA terminoa (Blanco, Burges, Varon, Adinerado). Amaieran, talde ezberdinen iritziak eta ideiak komunean jarri genituen.

Unraw tailerra izan zen hurrengoa. UNRAW elkartea, Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da, eta bertan bost zonaldetan egiten dute lan, bertako errefuxiatuekin. Elkarte honek bi helburu dituela esan genezake; batetik, egoera ezagutarazi eta aurreiritziak apurtzea, eta bestetik, metodologia artistikoei garrantzia ematea. Tailerra bi zatitan banatu zuten, saio teorikoan eta praktikoan. Saio teorikoan nondik norakoa azaltzen saiatu ginen, eta praktikoen bidez, berriz, alderdi teorikoa praktikan jarri genuen. Hiru taldetan banatu ginen; antzerki tailerra, komiki tailerra eta ipuinen tailerra. Niri egokitu zitzaidan taldea antzerkiaren izan zen, eta interesgarria eta entretenigarria iruditu zitzaizkidan. ‘’Kontzientziak astintzen dituen antzezlana’’ zuen izena eta gurekin saioa eskaintzen Hortzmuga antzerkiko kideak aritu ziren. Saioan zehar ariketa ezberdinak burutzen joan ginen, jolas modura eta amaieran jolas guztiak bilduz antzerki bat antzeztu genuen. Narratzaileak egoera ezberdin batzuk azaltzen zituen, besteok antzeztu bitartean, besteak beste, Palestinako egoera, haurrak hondartzan, itsasoa, Gazako elektrizitate eza,...

Inklusioa ere lauhileko honetan landutako kontzeptuetako bat izan da, izan ere, pertsona orok izan behar baitu onartua edozein lekutan. Horren adibidetzat Pausoka Elkarteko hitzaldia izan genuen. Pausako Elkartea 2012 an guraso elkarte batek sortutako elkartea da, beste zenbait zentro espezifikok haien seme alabek zituzten beharrei erantzuten ez zietelako. Pausokako kideen ekintzekin, haien seme-alaben integrazioa eta eskubideak lortu nahi dituzte, edozein dela ere arloa (lana, ikastola…). 

Hitzaldi hau ematera, Maiteder etorri zitzaigun non berak lehenengo pertsonan bizitako esperientzia bat kontatu zigun. Maitederrek, seme bat du, Aimar, eta bere bizia goitik behera aldatu zen haurrak garun paralisia zuela esan ziotenean. Momentu gogorrak izan ziren, izan ere, berak lanean hasi behar baitzuen eta haurra Aspace izeneko zentro batera eraman behar baitzuen.

Zentro hark ez zituen haurraren behar guztiak asetzen eta haurra eskola batera eramateko premia sentitu zuten, beste haurrekin interakzioa eman zedin. Eskolaratze prozesua gogorra izan zen bere haurra zenbait eskoletan eskubideak kendu eta baztertzen ari zirela sentitzen zutelako, baina azken eskolak onartzeak asko poztu zuten beren haurra opari bat bezala hartu baitzuten. Bertan oso gustura sentitzen ziren, izan ere, irakasleak ez baitzuten ikuspegi patologikotik soilik ikusten, baizik eta Aimarren ezaugarri positiboak ere hartzen zituzten kontuan. Haurra oso gustura zegoen ikaskideekin, bai eta ikaskideak Aimarrekin ere, izan ere, elkarrengatik asko ikasten ari baitira.

Hala ere, nahikoa al da inklusioa gelan soilik lantzea? Inklusioa bere osotasunean eman dadin ingurunea bera heztea ere beharrezkoa izango da, izan ere, zertarako balio du eskolak inklusioa bermatzeko egokitua egotea, gizartean ez bada halakorik gertatzen? Hausnartzeko egoera bat dela iruditzen zait, izan ere, nahiz eta haurra gelan egokitua egon, gelaz kanpo ere adimen funtzionala duten haurrek beste haurrekin aritzeko eskubide osoa dute, eta zenbait egoeretan eskubide horri uko egiten zaio, besteak beste, gurpildun aulkian egoteagatik. Horregatik, irakasle, ikasle, guraso zein herritar guztiak landu beharreko gai bat dela iruditzen zait pertsona orok une oro inklusioa senti dezan.

Ondorengo tailerra, Memoria Plaza, gai ezberdin bati lotua zegoen. Terrorismoa zen gaia. Bertan, zenbait biktimak euren bizipenak azaltzen zituzten, non momenturen batean familiakoren bat galdua zuten. Testigantza horiek hunkigarriak iruditu zitzaizkidan, izan ere, inongo momentuan ez dutelako amorrutik hitz egiten beraien gertuko pertsona bat kendu zioten arren. Bestalde, entzunak izan nahi dutela zioten, zenbait egoera onartuak izan ez direlako. Egoera horiek ere gogorrak iruditu zitzaizkidan, gizarteak baztertu egingo balitu bezala.

Dokumentalaren amaieran testigantza ematen zutenek gaur egungo gazte eta haurrek biolentzia beste modu batera ikustearen garrantzia aipatzen zuen. Ondorioz, hezkuntzak gai honetan izan dezakeen garrantzia argi ikusi dugu. Hezkuntzan biolentzia lantzeko erak asko lagundu dezake egoera hauek berriro ez errepikatzeko eta biolentziak onurarik eragin ezin dezakeela ikusteko.

Amaitzeko, Naizen hitzaldia izan genuen. Bertan, bi testigantza entzuteko aukera izan genituen, non batek bere alabaren kasua azaldu zigun, eta besteak, berriz, bere istorio propioa. Bi istorioetan, haurrak ez zuten identifikatua zuten sexua sentitzen, aurkakoa baizik eta prozesua nolakoa izan zen azaldu ziguten. Dakigunez, zenbait kasutan gizartean ez dago ondo ikusia sexu aldaketa hori, eta horrek haurrengan ere eragina izan dezake. Hitzaldian, irakasleen papera ere azpimarratzen zuten, izan ere, haurren batek honelako egoeraren bat bizitzen badu, sentitzen duena ukatu behar ez zaiola eta eta ahal dugun moduan lagundu behar diogula, inongo aurreiritzirik gabe azaltzen zigun.

Luarren kasuan, esaterako, etxean ere hasiera batean onartua ez zela sentitzen esaten zuen. Baina, zorigaitz bat gertatu zenean, ama bere lekuan jarri eta lagundu eta onartzen zuela esan ziola aipatzen zuen. Baina zorigaitz horretaraino iritsi behar al gara pertsona bat onartu behar izateko? 

Hauek izan dira lauhilekoan zehar entzun ditugun tailer eta hitzaldi guztiak. Baliagarriak izan zaizkigula iruditu zait, izan ere, egoera gehienak bizitzea tokatuko baitzaizkigu eta guztien esperientzia bat entzuna izatea lagungarria izan daitekeela iruditzen zait. Bestalde, moduluko lana burutzeko eta gaia aukeratzeko lagungarriak izan dira, nahiz eta gure kasuan hauetako gai bat ez aukeratu.

Iruzkinak